Kitabı oku: «Bittor eta biok. Bittor Kapanaga "Euskal Sokratesen" gogoeta ondarea.»

Yazı tipi:

Contenido

1  HITZAURREA

2  Joseba Sarrionandia Gontzal Felipe Bittor Sasoia Bizitza Tesoroa

3  BITTOR eta BIOK Sarrera gisa

4  Liburuaren ardatza edo nondik-norakoa

5  Bittorrek esanak

6  Bittor Kapanaga

7  Azken agurra, 2011ko uztailak 13,Gasteizko SANTIAGO OSPITALEKO 673 gelan

8  1. morfina dossia 1974. urtean, Otxandion kantaldia Inork ez gaitu inoiz askatuko Araban bagare

9  2. morfina dossia Bihotza / Izaera / Leialtasuna / Etika Euskararen ikertzailea Hazia erein ondoren Erro eta Gara Hizkuntza bakarra eta isolatua? Jatorrietara urrats bat IZ IN IL (Ar-Ur) gizakion ibilbidea Antzinako belaunaldiaren irla Ekintza askotan aitzindaria Ogibidea Politika dela-eta Iruña Veleia

10  3. morfina dossia Historia. Eboluzioaren gaia Trastamaratarrak Durangon Georgia, hizkuntza eta kantua Euskal Herria Europan eta munduan Arangioranzko pasealdia Euskara eta arbola Bittor, Bitoriano, Bitoria Bittor eta Jorge Oteiza Amaren sua Euskal mundu-ikuskeran nabarmendutako osagaiak Olentzaro

11  4. morfina dossia Baserria utzi behar Otxandioko zaharren egoitzan

12  Bittorrek erabiltzen zituen esaerak

13  Idazkiak 1 IDAZKIA: J.M. Barandiarani eskutitza 2 IDAZKIA: El euskera y el doctor Hilckman 3 IDAZKIA: Pierre Dorperi eskutitza 4 IDAZKIA: Andolin Eguzkitza 5 IDAZKIA: Gerediaga Elkartea 6 IDAZKIA: Jorge Oteizari eskutitza 7 IDAZKIA: Andres Ortiz Oses 8 IDAZKIA: Jon Sarasua 9 IDAZKIA: Xabier Amuriza 10 IDAZKIA: ARABAN BAGARE - Gontzal Mendibil 11 IDAZKIA: Erroak astinduz - Gontzal Mendibil 12 IDAZKIA: OLENTZARO

14  Esker ona

15  EGILEA

16  LEGEZKOA


.

Bazen behin pentsalari bat, jakintzaren bilan gauzak zentzuz esaten zizkiguna.

Bazen behin gizaseme bat, apala eta zuhurra, berezko argitasuna izanik, gure herriarekin maitemindua zegoena.

Bazen behin gizon bat bere hizkuntzaz maitemindua egonik, aurrera ekiteko zinez atzera begiratzen zuena.

Bazen behin euskaltzale bat bere ikerketak zuztarretatik ateraz, arrazonamenduak logikaz erakusten zituena.

Bazen behin Otxandion edo Oihandion, gizon misteriotsua, misterioa bilatzen eta argitzen zebilkiguna.

Bazen behin gizon jakintsu bat erreferentzi-puntua izatea beharrezko genuela esaten ziguna.

Bazen behin “rara avis” bat misterioari uko egiten dionak, bizitzari uko egiten diola esaten zuena.

Bazen behin gizaki misteriotsu bat, lurrak emandako kimu, fruitu eta landareekin bizitzari bizia ematen ziona.

HITZAURREA

Joseba Sarrionandia

Gontzal

Euskara menditarren gauza zen. Mendiz inguratuta geunden, baina Durangoko kalean espainol hutsean bizi ginen, zer esanik ez Durangoko Jesuiten ikastetxearen barruan. Latina bai ikasten genuela, eta frantsesa, eta ingelesa beharbada. Euskara, zer zenik ere ez. Baina halako batean, Ikastetxeko urteroko jaian, mutil bat zinetokiko eszenariora igo zen gitarra bat eskuan abestera euskaraz.

Nor da martziano hori?, galdetu genuen. Gontzal Mendibil zen, batxilergoa amaitzen ari zen internoa, Zeanuriko menditarra, Gorbeiapekoa. Baserritarrez burlatzeko aitzakia izaten zen guretzat euskara, baina ezin izango zuen Gontzal arlotetzat hartu. Mutil guapoa, modernoa eta ondo abesten zuen. Sorpresa ederra izan zen niretzat, nire aittite-amamen hizkuntza zen eta.

Kriptoeuskaldunak ginen, euskaldungoa inbisible bihurtutako Espainia nazional katolikoan. Historia Sagrada, Historia de España, Formación del Espíritu Nacional eta halakoak ikasten. Ikasitakoa desikasi beharko genuen euskaldunak ginela deskubritzean, bazeudela mapa debekatu batzuk, Julen Kaltzada, Xabier Amuriza eta beste asko preso zeudela, eta abarrak. Ni alfabetatze gau eskoletara apuntatu eta laster bueltatu nintzen, kalean bizi arren, mendiko hizkuntzan bizitzera.

Gontzal Mendibil gero han nonbait ikusten nuen, bakarrik edo Xeberrirekin, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Xabier Lete eta beste kantarien uberan. Euskaldun luzaroan isilduarentzat abestiak sortzen. Laster lortu zuten gure herria berriz kantaria izatea.

Felipe

Gontzal Mendibil lehenengoz abesten entzun eta laster ezagutu nuen Felipe Alaña Jesuitetan bertan. Felipe ere ni baino urte batzuk zaharragoa zen. Alfabetatze gau eskoletan hasi ginen elkarrekin, eta Feliperen bidez ezagutu nuen haren Bittor Kapanaga:

–Nik osaba bat daukat Otxandion...

Detenituta ere Feliperekin egon nintzen lehenengoz, hamaseiren bat urte nituela, bertsolaritzari buruzko hitzaldi bat antolatuta Jesuitetako zinean. Abel Muniategiren hitzaldiaren orijinala eta itzulpena hiru kopiarekin entregatu genuen, behar bezala. Baina hitzaldira Abelek, Mugartegi deitzen zen bertsolari bat ekarri zuen eta honek bertso pare bat bota zituen, zortziko txikia eta zortziko handia zer zen esplikatzeko. Dena normal, jende asko zinetokian, baina amaitu eta erratzekin pepitak batzen hasi ginenean, Guardia Zibilak heldu ziren Felipe eta bion bila.

Arratsaldeko zazpietatik gauerdira arte eduki gintuzten Montorretaseko kuartelean. Motiboa zen abesti subertsiboak kamuflatu genituela literaturari buruzko hitzaldi batean. Interrogatorio luzea egin zigun Guardia Zibilaren kuarteleko buruak, Mugartegi protesta kantari bat zela esaten zuen, eta ez ginen inprobisazioa zer zen sarjentuari esplikatzeko gauza izan. Haserretu ere egin zen eta beldurtu ginduen apur bat.

Baina ez da egia frankismoaren kontrako borroka beti beldurgarria eta tristea zenik. Gauerdirako soltatu gintuzten eta, ilunetan, barreka joan ginen etxeraino sarjentuaren hitzen oihartzunekin:

–Yo no les prohibo que improvisen, pero quiero el texto en vascuence y traducción al español con tres copias una semana antes del acto.

Ni Astarloan bizi nintzen, eta etxean ez nuen non egon nintzen esan. Felipe Mataderoraino joango zen barreka.

EHAS alderdiaren sorreran ibili zen Felipe, oso langilea eta zintzoa, eta nik komunista libertariotzat nuen nire burua. Gero Bilbon hasi zen ikasten, eta ez nuen gehiago ikusi. Desagertu egin zen, komando arraroren baten istorioak kondatu ziren herrian, eta kito, ez nuen haren berri izan gehiago, ez kartzelan ez herbestean.

Eta Felipe?, galdetzen nuen, eta inork ez zidan egundo ezer esan. Harik eta orain urte batzuk abisatu didaten arte haren errautsak bota dituztela Bilbotik hurbil...

Bittor

Bittor Kapanaga Otxandion ikusi nuen ia beti, eta “druida” planta zuela esango nuen, akaso, Orisol barreneko erreka bazterren batean negu hasieran sendabelarren izenak esaten gogoratuta. Bittorren prototipoa, nire ustez, herri baztertu eta zapalduetan ematen da eta, urrunago joan gabe, euskal literaturan oso ondo landuta dago pertsonaia Peru Abarka liburuan. 1802an idatzi zen eta oso sintetikoa da titulua, erdaraz izan ere: El doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte, o Diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan. Liburu horrek badu zerikusiren bat Émile ou de l’education Jean-Jacques Rousseauk 1762an idatzi zuen tratatuarekin eta “basati onaren” figurarekin. Literatura unibertsalean, bestalde, badago klasiko ahaztezin bat, Johann Peter Eckermannen Gespräche mit Goethe in den letzen Jahren seines Lebens (1836-1848), Goetherekin solasak haren bizitzaren azken urteetan. Baina, hilzorian denaren herri baztertuaren boza gogoratu behar da, literatura garaikidean, prototipoaren adibiderik ezagunena Don Juan da, jakina. Bittor, peyoterik gabe, Don Juan da. Eta Gontzal, liburu honetan, Carlos Castanedaren moduko lagun bat da, hura A Yaqui Way of Knowledge haren bila bezala dabilelako ezagumenerako euskal bide baten bila.

Abisatu behar dut liburu honen irakurlea inpresionatuko duela Bittorrek, baina gehiago inpresionatuko duela Gontzalek. Honek bestearekiko harremana azalduko du, haren heriotza begiratzerainoko intimoa. Eta irakurleak pentsa dezake, zer ardura zait pertsona batek bigarren bati buruz idazten duena. Nik, hirugarren moduan, irakurle moduan, erantzungo dut inpresionatu egiten nauela liburuak hunkitzen nauten gaiak planteatzen dituelako. Bittorrek eta Gontzalek bakoitzak bere egia sakonak arakatuz, neure egiak eta zalantzak erakutsi dizkidate. Liburu hurbila egin zait, eta egonezin batzuk eragin dizkit.

Aitortu behar dut niri ez zitzaizkidala batere interesatzen Bittorren Antzinako Sumeriarako turismo espekulatiboak, ez euskal letra-edo-hots joko astarloatar-oteizarrak. Bittorri esan nion behin gauza horiekin aho zabalik geratzen nintzela ez nuelako ezer ulertzen.

Bittorrena niri gustatzen zitzaidan, lehenengo, gizarte zaharreko lekukoa zela. Eta ohiko aittitte-amama isilen aldean, berritsua. Gu euskal kultura zaharra hil ondoko seme-alabak gara. Bittorrek mundu zaharra ezagutzen zuen, Joxemiel Barandiaranek edo Patziku Perurenak bezala. Orain gehienak, Gabriel Aresti edo Eider Rodriguez bezala, berpizkundearen ondokoak gara...

Bigarren, pertsona irekia zela, euskaldunaz gaindik modernoa eta jakingura zabalekoa zela, mundu guztiko natura, kultura edo politika interesatzen zitzaiola.

Hirugarren, kortarik eta erre-markarik gabeko behigorria zela eta, jaberik eta jakinbehar ortodoxorik gabe, nahi zuena esan zezakeela eta esaten zuela. Intelektual organikoek zer esan eta zer ez markatuta dutenean, bera heterodoxoa eta orijinala izan zitekeela.

Laugarren, euskal gauzaren alde bizi zela, egoera kolonial baten kontrako erresilientzia zaharrean. Hilzorian ikusiz euskara eta euskal herria, jakinda euskaldunak ez ginela frankismoaren biktimak bakarrik, lehenagokoak eta handiagoak zirela gure egoeraren motiboak, euskalduntasunean aurkitu zuen bere egia eta zentzua. Kontzientzia hori zuen, herri menperatu eta kolonizatu guztiak bezala, modu orokor batean geudela menperatuta. Eta, halako egoeratan gertatu ohi denez, gauzak aldatzeko orduan, geu garela geure buruaren kontrariorik zailenak.

Sasoia

Liburuak hunkitzen nauela esan dut eta esplikatu nahi dut zergatik, eta zertarako. Zenbateraino senditzen naizen Gontzalekin eta Bittorrekin bizilagun eta gogaide. Barkatuko didazue, geurearen aldeko aldarri sinple baten ordez, esplikazio arrazionalista apur bat konplexuagoan luzatzen banaiz.

Aro Postmodernoan bizi gara ja. Ez naiz posmodernismoaz ari, arkitekturatik moda moduan zabaldu zen teoria estetikoaz, ez baitu sasoi posmoderno hauetan gertatzen dena ondo esplikatzen. Baina ilustrazioaren eta industrializazioaren, nazionalismoen eta proiektu politiko askatzaile handien sasoia pasatu da. Joan dira Aro Modernoak, XX. mendeko tailerrekin eta borrokekin, ja aro postindustrialean gaude. Ezagun da teknologiaren bilakaera eta komunikazio medioen hedaduragatik; kontsumismoagatik eta produkzioaren deslokalizazioagatik; elite ekonomiko batzuen sistema politikaz gaindiko botereagatik; errelato askatzaile handien gainbeheragatik...

Errejimen zaharrean jendea kosmobisio argi batekin bizi zen, Jainkoaren probidentziapean, Liburu Sainduan idatzita zegoelakoan inportante guztia. Sasoi modernoetan, Jainkoa baztertuta ere, jendeak errelato ondo formulatu batzuetan topatu zuen etika, estetika, politika eta bizitzaren zentzua. Eman dezagun, antikapitalismoan eta independentismoan. Gure gaztaroan, baten batek galdetuz gero zertarako zen bizitza, zelakoa izango zen etorkizuna, erantzun nahiko zehatzak emango genituela iruditzen zait. Utopiak, estrategiak, ideia eta eztabaidak zeudelako gizarte hobe baten alde.

Ez dut uste gaur eguneko gazteek halako erantzun argirik emango luketenik. Ez dakite nondik datozen, ez dakite nora doazen, eta ez dute horretaz pentsatzen. Gainera, ez zaie ardura. Oligarkiaren botere bentrilokuoaren diskurtsopean amatatu dira gizarte proiektuen errelato handiak. Amaitu dira ideologiak: alegia, beste guztiak. Sistemaren izaera zapaltzailearen ezagugarririk nabarmenena horixe da, normaltasuna eta alternatibarik eza. Kapitalismoa bide-gabea da: bi zentzuetan, ez da egokia eta ez du alternatibarik ematen. Espainia ere bidegabekeria bat da euskaldunentzat: ez delako egokia Espainia, guretzat, baina batez ere ez digulako beste biderik uzten Espainia horrek. Agintzen duenak agintzen du, eta onartu beharrekoa omen da. Izan zaitez zoriontsua, carpe diem, baina pertsona librearen eguneroko zorionez, ez gizaki aberetu olojalea bezala. Ez duzu zertan gaizki pasatu eguna, desobedientziaren bidetik joaten ez bazara. Agindu gabe doa, txintxo portatuz gero etxea izan dezakezula, autoa, turismoa nahi duzun bazterrean, internet, erretiroa, zer gehiago nahi duzu ba bakea emateko!

Gizarte posmoderno horrek funtzionario eta intelektual organiko asko ditu boterearen hitzak zabaltzen. Idazleek fikzioa asma dezatela, gogai daitezela linguistak letra-hots jokoetan, abeslariek egin dezatela musika, politikoak dinamika parlamentarioan neka daitezela, denak ere merkatuaren logikaren barruan eta babesean. Ez erlijioak, ez zientziak, ez politikak, ez arteak ez diote ematen ja bizitzari aparteko zentzurik.

Gontzalek liburu honetan, benetako idazleak egiten ahalegintzen direna egiten du. Puzzle bat bezala zatituta dugun mundua batu eta zentzua eman. Etika, estetika eta politika bateratzen ahalegindu metafisikarekin.

Bizitza

Bittor eta biok liburua bizitzaren zentzuari buruzkoa da batez ere. Bittorren bizitzaren zentzuaz, Gontzalen bizitzaren zentzuaz, euskaldungoaren bizitzaren zentzuaz. Zergatik bizi da pertsona? Bizitzak iraun duelako. Zertarako bizi da pertsona? Bizirauteko, ez hiltzeko guztiz. Bizidirauen moduan Bittorrek, liburu honek frogatzen duenez, eta iraungo duenez Gontzalek berak sasoian sasoiko hainbeste abestirekin, Gorbeiako haizearekin eta lagunekin...

Zein da abere ikuilutuaren bizitzaren zentzua? Ez daki, ez du horretaz hausnartzen, ez zaio ardura. Zein da giza-abere ikuilatu akuilatuaren erreakzioa? Nahigabetuaren kexua izaten da nahigabetuaren. Ezin duenean bere burua carpe diem ilusioekin engainatu, aienea, biktimaren papera hartzen du. Ohikoa izan da gure literaturan eta batez ere gure politikan: menperatuaren literatura arrenguratua, inpotentziaren politika moderatua, Jon Juaristi burlatzen zen “malenkoniaren bukle” hartaz. Askatasuna lortzeko gauza ez diren herri gutxiengoen etsimena eta, elkartzeko ere gauza ez, elkarrekiko erresumin atabikoa. Azken aldian, biktimaren papera ohostu dio euskaldungoari, nork-eta, Espainiak. Indartsuenaren legea deitzen zaion legearen bidez. Euskaldunentzat errazagoa zen frankismoaren kontra, biktimismoarekin. Baina igual onuragarria da hain gabe geratzea, agintzen duenak agintzen duela eta bestela jokatu beharraz ohartzeko.

Argitu nahi dudan ideia, Bittorren eta Gontzalen liburuak iradokitzen didana, da ez gaudela ezabatzera destinatuta. Ez da egia momentuko dibertsioa besterik ez dugula eskuan eta laster akabo. Denok, sekretuki edo oharkabean, denboran geratzeko gaude. Norbera hil arren, bizitzaren iraupena nahi dugu. Eta iraupen horretan geratzen gara eraren batean bizirik.

Eta ez da euskaldunen gauza, gauza unibertsala da. Aspaldian dugu euskaldunok etxea galdu izanaren zentzazioa, aitarena ala amarena. Aberearen adarbiko dilema da hori, ikuiluan. Ez gara gauza izan nazio-estatu modernorik eraikitzeko, Etxeko Herria, herriko etxe batzuk ditugun arren, kendu ez dizkigutenak epaile espainolek. Aberrigabeak mundu osoa har dezake aberritzat, baina oligarkia multinazionalarekin jai dugu Amplissima Domus horretan ere. Casa tomada ipuina irakurri duzue? Etxea galtzeari buruzkoa da. Julio Cortazarren arbasoak Otxandio inguru horretatik zetozen.

Amplissima Domus. Latinopata naiz, Bittor, Erromatar inperiopean bost mendez bizi ziren gure euskaldun haiei gorazarrez. Menperatutako arbasoen iruditik elikatzen gara, esaten zuen Walter Benjaminek, ez libre bizi direlako ustearekin bizi diren iloben idealetatik. Baina, erdaropata ere banaiz, euskaldunak euskaldun ez direnekin batera gaudelako gure herria den ontzian. Gure herria lemarik gabe doan ontzia bezalakoa da, lemarik gabe doan ontzia bezalakoa den gure planetan.

Baina bizitzaren zentzuaren ideiara itzuliko naiz, argitu nahi dudalako ez garela zertan izan mataderora destinatutako abereak, babestuta eta ahalik eta zoriontsuen bizi behar direnak artean. Bizitzak zentzua badu, gizakia bizitza orokor horren partea izatearena da. Bizitzaren zentzua bizitzaren iraupenean dago, denboran geratzeko gaudela. Norbera hil arren, ez da ezer hiltzen, bizitzak irauten du, eta iraupen horretan geratzen gara eraren batean. Bere izaera da eta, gainera, gizakiak badaki.

Hiltzen ari dena benetakoagoa da, bizitzaren balioagatik. Gure belaunaldiak euskara hilzorian ikusi zuen, eta euskararen iraupenaren alde errebelatu zen mila modutan. Adibide orokorrago bat: europar asko arriskatzen da egunotan afrikar inmigranteak salbatzeko Mediterraneoan, europar gobernuen legeen kontra. Beste bat: planetaren oreka ekologikoa arriskuan denean, bioaniztasunaren aldeko militantzia indartu da mundu guztian. Ez da euskaldunen edo ekologisten gauza bakarrik. Eta uste dut badagoela jokabide bat, etikoa beharbada, baina metafisikoa zentzu honetan, bizitza ematera eramaten gaituena bizitza zabalago eta iraunkorrago horren alde. Ez da fanatismoaren edo nazionalismoaren gauza. Nik ikusi dut, herbestean, urakan handi baten ondoren jendea bata besteari laguntzen, bizitza arriskatzen besteagatik, hurkoa ezagutu gabe. Bizitzaren zentzu hori.

Badakit prentsa txarra duela ideia horrek ongizatearen gizartean, arriskatzearenak. Behitegian, jabeak erabakitzen du noiz bihurtuko zaituen okela eta larrua, bitartean carpe diem. American way of life: dron bonbardaketa bere etxean eserita itxaron behar du islamistak. Ez altxatu besaulkitik ipurdia, abisatu zuen Blas Pascalek, eta Buhomil Hrabalek. Zapalduen eta baztertuen borrokak kalte larriak eragiten ditu, medioek esaten digutenez: Espartako terrorista izan zen bezala, edozein izan daiteke gaur egun terrorista. Trenak ondo zainduta daude: obeditzen ez baduzu, zigorra ez da makala izango.

Esan nahi dudana da bizitzaren alde egiten direla gauzak. Maitasuna ere bizirauteko antsia da, beharbada, gehiago izateko, eta seme-alaben bidez izaten jarraitzeko. Sarritan, hil ere bizitzaren alde egin da. Baina batez ere bizi egiten gara, bizitzaren alde. Eta norbera hil arren ere, bizitzak irauten du eta garatzen da, eta garapen horretan geratzen gara:

“Nik uste dot herentzia on bat ixtea beharrezko dogula, gure aurrekoek guri itxi euskuen modu berean, guk ondoroengoei, hau naturaren jaiotza eta hiltzearenaren antzekoa dogu, joan goaz baina zeozer ixten dogu eta hor gelditzen da. Bizia badoa, bizitza gelditzen da.”

Horixe da, bizitza gelditzen da, doan bizitzak uzten duen bizitza. Gu bizitza gara, eta heriotza, baina bizitza batez ere. Eta bizitzaz ari gara, ez heriotzaz.

Tesoroa

Liburua irakurriz konprenitu dudala uste dut Bittorren herentzia. Eta Gontzalena. Euskal sustraiak aipatzen dituzte, euskaldungoaren erresilientziaren harian. Euskararen misterioaz mintzo dira batzuetan, arkanoa bizi duguna baino kontuan hartzekoagoa balitz bezala, edo hermetismoren batek eman ahal ligukeelakoan irtenbidea. Auskalo zein den euskarak gordetzen duen sekretua, baina badakit euskaldun bi hauek gizarte modernoko eta are gizarte posmodernoko biztanleak direla eta arrazoi osoa dutela hizkuntzaren garrantziaz ari direnean.

Gizarte modernoa industriaren arabera antolatzen zen gu jaio ginenean: marxismoak ondo analizatu zuen obreroen eta ugazaben sistema hura. Gizarte posmodernoa komunikazioaren arabera antolatzen da. Gaur egun, gizarteak bere existentzia antolatzeko orduan, marxismoaren lengoaia erabiliz, “produkzio indarrik” inportanteena hizkuntza da, diskurtsoa. Nazioa komunikazio espazio bat bada, euskaldunok apenas dugu naziorik. Espainolek bai: euskaldunek komunikabide espainolei esker dakigu zer pasatzen den munduan, ezin da ukatu nazioz espainolak garela. Mundu osoa ja komunikazio espazio zabal-zabala da, onerako eta txarrerako, hipermedioen hedadura horrek gizartearen kolonizazio kultural itzela eragiten baitu. Konputazio eta komunikazio sare erraldoi astunaren azpian bizi gara kontzienteki edo ez hain inkontzienteki.

Lengoaiaren eta hizkuntzaren bidez dominaturiko gizartean bizi gara. Gazteleraz egiten dute beti eta esaten dute ez zaiola inportantziarik eman behar hizkuntzari, beste hizkuntzei alegia. Fabriken gizarte kapitalistan, langilearena zen aldaketaren protagonismoa. Gaur egun, sistemaren makinaria komunikatibo-linguistikoaren aurrean, komunikatzailearena da protagonismoa. Eta hor daude euskaldunak, bilinguoen arteko bilinguismoa onerizten duten monolingueen artean. Hor daude euskaldunak, euskaraz egin dezaketenak behiak muuu bezala txokoan. Benetan pentsatzen dugu hitz egin dezakegula nahi duguna esanez eta eginez? Gayatri Chakravorty Spivaki galdetuko diogu, ala geuk erabaki? Boterearen asimetria kontuan hartuta, euskaldunontzat igual errazagoa litzateke amore ematea, bizitza laburra delako eta zentzu handirik ez duelako. Edo, igual hobe da egitea, gauzak aldatzen ahalegintzea, hain zuzen ere bizitza laburra delako eta zentzu apur bat izan dezan.

Euskaldunentzat euskarak balio kolektibo batzuk ditu. Euskaldunentzat, euskara “produkzio indarra” da edo, hobeto esanda, emenda dezagun marxismoa guk ere, bizi indarra. Eta hor ikusten dut nik Bittorren misterioa. Euskara tesoro bat da. Baina tesoro hori ez dago historiaren harpe-zulo ilunaren sakonean. Sekretua ez dago duela laumila urteko Urartun. Esango dizuet non dagoen, Caramablun. Irakurri duzue Johanes Urzidilen liburua? Caramabluko tesoroa deitzen da. Johanes Urzidil Pragako judua zen, alemanez idazten zuena, naziek akabatuko luketena harrapatuz gero, Franz Kafkaren laguna. Urzidil horrek, naziengandik ihesean, Saran pasatu zituen urte batzuk, eta eleberri bat idatzi zuen euskaldunez, mugaz bestaldean gerra zibila larria eta honuzkaldean gertatzen zenaz, ipuin sinbolista bat. Caramabluko tesoroa deitzen zen eta jendea harpe batera joaten zen gurtzera, baina, badakizue? Euskara zen. Hizkuntza da benetako tesoroa, eta non dago? Hemen dago Caramabluko tesoroa, liburu honetan ere bai. Eta sekretua, benetako sekretua da ez dagoela leize zulo sakonean, urtean behin-edo gurtzeko moduan, ez etxepean. Baizik eta jendearen ezpainetan.

Erresistentzia eta erresilientzia da Bittorrek eta Gontzalek erakusten digutena. Geuk egiten dugu hizkuntza, geuk ematen diogu zentzua bizitzari. Egiten dugu erlijioa eta zientzia, politika eta artea. Eta egiten dugu ondo edo ganorarik gabe. Ez dago misteriorik, ez dago zentzurik, geuk sortzen duguna baizik. Elkartzen ez bagara ez dugu herririk izango. Euskara, euskaldunen tesoroa, disimulatu behar izan dugun arren batzuetan, euskaldunen ezpainetan dago.

Joseba Sarrionandia

BITTOR eta BIOK

Sarrera gisa

Sarritan entzun izan dugu Bittor Kapanaga, berez ernetako arbola dugula. Oihan handi beresian sortutako gizon berezia, Otxandion hain zuzen ere, eta dena arin doakigun eta aldakorra den mundu honetan, erroak sendo zituen arbola honek argibide ugari eman zizkigun bidean eta halaxe utzi zizkigun bere joanean.

Lurrari loturiko arbola genuen Bittor, eta arbola horren gogoetan, utzi gintuenetik, hainbat ekimen egin izan ditugu berak esan eta aztertutako euskararenganako lanak hedatu asmoz. Kimu berri zaharrak hedatzeaz batera, arbola zahar haren ikuspegia argitzea eta argitaratzea izan da gure nahia, Bittorrek itxitako fruituak, eta aldaxkak geugan daude, aireratzea ere geuri dagokigu.

Aintzinateko erreferentea izan genuen Bittor, biharko ere baliogarria izan dakigukeen iragarlea eta erakarlea, gure hizkuntzaren jatorriari buruzko funtsezko lan ederrak burutzen jakinarazi ziguna. Bere inguruan elkartu izan garenok, berarengandik zer edo zer noizpait jasoak gara. Bittorren zuhaizpean genbiltzanok eta gabiltzanok berak ereindakoa kontuan hartuz eta aipatu zizkigunak jakingarritzat hartuta, landu eta hedatu ere egin ditzakegulakoan gaude.

Bittor, gure aztarnetan zebilen gau eta egun, iraganeko bideak aztertzen, logika eta arrazonamenduz beteriko lanetan, jatorrizko eta intuiziozko eredutan, behin eta berriroko misterioaren bueltan eta beronen bilaketan eta urraketan.

Iritzi askotariko begiradarik zabalenez eta ideia ororen gainetik, Bittor gogoratzea, omentzea, eta beronek eskeini ziguna jorratzea izan da bere teorien jarraitzaileen eta lagunen nahia.

Liburu honen bidez, lagun izan dudan nire otxandioar maisu jakintsua goraldu eta omendu nahi nuke; bere izena, izana, pentsakera eta berak egindakoa ezagunarazteko gogoz, beti ere. Nire asmoa ez doa euskararen gaiei bakarrik lotua, horretan ni baino ikerlari adituagoak daude bidean, nire gogoa berarekin izan nuen harreman sendoa eta hurkoa gogoratzea eta azaleratzea da, bizitza berari buruzko hainbat gaitan zer nolako pentsakera eta iritzia zeukan agertaraztea, askorentzat oso jakingarria, onuragarria eta eredugarria ere izango delakoan.

Bittorrentzat pentsatzea eta filosofatzea, munduan egoteko eta munduan ibiltzeko modua zen. “Garaunak ez ugertzeko pentsatzea lakorik ez dago eta nire teilak zahar dagoz baina itogin barik” horixe ziostan orain gutxi.

Eritziak konpartitu nahian aritu zen Bittor, eta Sokrates filosofoaren antzera, idatzi baino berbetan azalduko zituen bere teoriak eta bere gogoak. Entzuleak, bera baino jende gazteagoak izango zituen gehienetan, entzuteko eta ikasteko prest zeuden gazteak hurbiltzen zitzaizkion nahinon eta noiznahi.

Gazteak beti kuriosidadeen bila ari dira, zer izan garen eta zer izan gaitekezan jakin guran. Eta hala ba, Bittorrentzat izaera zena, guretzat bokazioa zen.

Bittor mintzalari trebea zen, eta izan dira eta izan gara bai, geure notatxoak hartu izan ditugunak berari andur dariola entzuten eta elkarrizketa sakonetan ihardun direnak ere. Gehiena argitaratu gabe dago eta izkutuan gorderik bilatzen gabiltzan materialaz gerorako baliagarri izango zaizkigun materiala dugu eskutartean.

Dialektikarako prest zegoen Bittor, baina erantzunak baino galderak ziren azaldutako horiek sortzen zizkionak, berak arakatutakoak eta bideratutakoak erantzun baten seinaleak zirelakoan zegoen, zeren “kasualitatea behin emon leike, birritan edo hirutan gertatzen danean, zerbaiten kausa edo gauza dago”.

Bittorrentzat, euskara, izan zenaren mundu haren egitura eta pentsakera azaltzeko gailua zen. Euskarak bere aztarnetan dakarkiguna, aintzinako bizikera baten adierazpena dela esaten zigun, eta bere ustez, bizirik dugun aintzinako gure hizkuntza hau, bide egokia da haratagoko gauzak aztertzeko eta egungo eta geroko gauzak argitzeko ere. Horretan zegoen guztiz sinestuta eta konprometituta.

Bittor Kapanagaren ikasgaiarengatik eta bere hurrean urteetan ibiltzeagatik izan ez balitz, nik ez nukeen idazten dudan eran idatziko. Agian, inoiz ezertxo ere ez nukeen argitaratuko.

Jende anitz gaude zorretan Bittorrekin. Pertsonak eta erakundeak, herritarrak eta haragokoak. Baina, esan ere egin behar da, bere kabuz eta pentsakera librean jardunez, ofizialtasunetik urrun egon zenez, ofizialtasunak ez zuen apenas kontutan hartu ere egin, ezta egingo ere. Historian halakorik gertatu izan da eta hala ere, merezimendu osoz irabazi zuen gutariko askoren laudorioa eta gorazarrea. Irabazi zuen bai bere teoria askok duten betikotasunaren misterioa.

Badakizu ofizialtasunetik kanpo dagozan teoriak ateratzen ausartzen bazara, zeureak eta gainetikoak entzun beharko dozuz.

Halaxe ba, Bittorrek bere teorien iraunkortasunaz sinesten zuen eta horixe zen bere burrukaldia, sinesten zuena, sakon eta zintzotasun osoz besteei sinestaraztea. Euskara eta euskalduntasunaren erreferentzia dugu Bittor, izan zenaren mundu-ikuskeraren osagarria eta erakargarria izan zaiguna. Gaur misteriotzat hartzen dugun aintzinatik datorkigun hori, geroan zabaldu eta deskubrituko den esperantzan gaude. “Gure etorkizuna, aintzinatearen zuztarretan dogu”, uste horretan eraiki zuen oraina eta geroa eta esperantza honi lotu behar gatzaizkio.

Misterioak erakartzen gaituenaz eta misterioaren bueltan ari gara beti. Bittorrek bazekien, hala ere, mundu honetan egiak ez duela beti irabazten. Guzurra sarri askotan atraktiboagoa da; bizitza zati baten teatroa dala eta, niretzat denboraz kanpo bizitzea ona da, bestela gaizki ibiliko nintzateke.

Irakurle estimatu hori! Liburu honetan, sarritan agertuko zaizu Misterioa hitza, Bittorrentzat bizitza bera misterioa den bezalaxe, euskara zen misteriorik handiena eta honi eman zizkion bizitzako ordurik eta egunik gehienak, beren zuztarretan murgilduz eta beraren jakinminan eta beren erabileran arduratuta.

Liburuaren ardatza edo nondik-norakoa

Elkarren arteko elkarrizketa bailitz izango da gurea, nolabait fikzioa baina erreala, errealitatea aurre-aurrean dudalako. Zu, Bittor, orain konorte barik etzanda, arnasa ezin hartuta eta heriotzaren zain, ni nolabait umezurtz, bazoazela jakitean zeuri berba egin gurean, eta galdeketan, eta zure erantzunak ere neuk egin beharko ditudala jakinik.

Baina nire ahotik diodana, zeurea izango da, zeuk dinozuna edota zeuk esango zeustana. Elkarrizketa platonikoa bailitz izango da gurea. Zu, Sokrates eta ni, zure ikaslea. Bai, Sokratesek ere zure antzean, ikasleengana hurbilduz, idatziz baino berbetan esaten zituen gauzak. Zuk idatzi, hala ere, hainbat egin duzu baina esandakoak askoz gehiago dira, eta akaso isilean zeurekin eraman dituzunak oraindik gehiago dira esandakoak baino.

Türler ve etiketler

Yaş sınırı:
0+
Hacim:
281 s. 20 illüstrasyon
ISBN:
9788417634711
Telif hakkı:
Bookwire
İndirme biçimi: