Kitabı oku: «Zisne beltzaren misterioa. Rara avis»

Yazı tipi:

Contenido

1  1. Jazarraldia Alondegian

2  2. RARA AVIS

3  3. Aztarna ona

4  4. RARA AVIS izeneko sarea

5  5. Letrak deszifratuz

6  6. RARA AVIS bilatuz

7  7. Musika partitura

8  8. Hilobi bat?

9  9. Ezohiko poema bat

10  10. Bat-bateko ustekabea

11  11. Argitu beharreko enigma

12  12. Zisne zuria eta zisne beltza

13  EGILEA

14  LEGEZKOA

Marisa Amigo

Zisne beltzaren

misterioa

Rara avis


ilustratzailea Jesús Delgado


Xabierri eta haren Pablo eta Noam lagunei





1. Jazarraldia Alondegian

Arratsalde hartan, Xabier, Noam eta Pablo Bilboko Alondegiko mediatekatik atera ziren. Sarritan joan ohi ziren Indautxu auzoko kultura zentro horretara. Barruan biblioteka hartzen zuen, baina, gainera, igerilekua, gimnasioa, erakusketa aretoak eta zineak ere bazituen. Bertara joatea gustatzen zitzaien, liburuak begiratu, euren eskuetan hartu eta, ea atsegin zitzaizkien ikusteko, pixka batean irakurri ahal zituztelako. Abentura eleberrien zale amorratuak ziren eta misterio liburuek ere erakartzen zituzten.

–Nik lehen kapitulutik istorioa jakiteko irrikitan nagoelako aukeratu dut hau.

–Niri berdin gertatu zait azkenean eraman dudan beste honekin, Noam. Orri pilo bat irakurri ondoren, ezer gertatzen ez bada, aspertu egiten naiz –aitortu zien Pablok.

Xabier ados zegoen lagunekin. Hirurek zaletasun batzuk konpartitzen zituzten. Ia ez zuten futbolean egiten eta horretan bereizten ziren ikasgelako kide gehienetatik. Ikastetxe alemanean ikasten zuten eta Grundschule - Lehen Hezkuntzan hasi zirenetik lagun onak bihurtu ziren. Ordurako bazeuden laugarren mailan eta ikastetxeko zoko guztien jakinaren gainean zeuden, bertan Gabriele, Maria eta Kirsten lagunekin batera misterio abentura batzuk bizi izan zituztelako. Neskatilekin oso ondo moldatzen ziren eta, behin batean, lagun talde osoak ikastetxe horretako piratek ezkutatutako altxor bat aurkitu zuten. Bai, ikastetxean pirata kamuflatuak izan baziren. Eta lagunek ederto zekiten.

Alondegian, mediatekako eskailerak jaisten zituztenean eta beheko solairura heltzerakoan, Xabier atariko erdigunera adi-adi begira gelditu zen. Zerbaitek atentzioa eman zion. Dena oso azkar gertatu zen.

–Begira! –oihukatu zuen, besoa altxatuz pertsona biri apuntatzeko. Gizon gazte bat emakume nagusi batengana hurbildu zen eta, lurrera botatzearekin batera, poltsa lapurtu zion.

Xabierrek alarma oihua bota zuen eta eskena arreta haundiz begiratu zuen, dena ikustea oztopatzen zioten zutabe lodiak saihestuz. Noam eta Pablo konturatu ziren gertatzen ari zenaz eta keinuak egiten hasi ziren, urrutian, atariaren bestaldean zegoen seguritate zaindariari ohartarazten saiatzeko.

–Goazen, Xabier, nik zaindaria abisatuko dut eta zuk jazarri lapurrari –oihukatu zuen Noamek eta arrapaladan abiatu zen. Laster heldu zen zaindariaren parera, eta Arrikibar plazako sarrerarantz seinalatuz ikusi zuenean, berehala ulertuz zer ari zen gertatzen, gizona ziztu bizian abiatu zen lapurra harrapatzeko.

Pablo lurrean eroritako emakumeari hurbildu zitzaion, hain zuzen, belaunikatzen saiatzen zen momentuan.

–Nik lagunduko dizut. Astokiloa halakoa! Ea lasterka abiatu den Xabier lagunak harrapatzen duen, eta Noamek ere seguritate zaindariari ohartarazi dio.

Andrea nagusia zen. Ile zuria mototsean bildua zeraman eta ia gona osoa estaltzen zion jaka luze beltza janzten zuen. Haren betaurrekoak eta makila indarrez erori ziren inguruko zorura.

–Minik hartu al duzu?

Pablo zutik ipintzen laguntzen saiatu zen, baina pixka bat lodi zegoen eta garaia zen. Berak bakarrik ezin izango zuen. Beste pertsona batzuk andrearengana hurbildu eta altxatzeaz arduratu ziren. Pablok, berriz, zoruan barreiatutako gauza guztiak jaso zituen: apurtu ez ziren betaurrekoak, makila, liburu bat eta gutun-azal bat. Poltsa lapurrak eraman zuen. Berehala konturatu zen emakume hura ere mediatekatik zetorrela, hain zuzen, zorutik hartu zuen liburuak bizkarrean zenbakiak zituelako, berari maileguz eman ziotenarenak bezalakoak.

–Hau bada zurea? –galdetu zion, gutun-azal zaharra eta erpinetako ertzetan urratua erakutsiz.


–Ez, ez da nirea. Liburua, aldiz, bai dela, bibliotekakoa da eta –erantzun zion andreak, ezustekoaren ondoren lasaiago.

Pablok gutun-azala gorde zuen prakaren poltsikoan.

Liburua itzuli baino lehen, idazlea Pablo deitzen zela ohartu zen, bera bezala, eta Bilbao deitura zeukan, hiribilduak bezala. Jakinminez zabaldu eta, lehen orrialdean, idazkun polit-polita ikusi zuen: Pablo Bilbaoren Biblioteka.

–Eskerrik asko! Zortea izan dut, badirudi ezer apurtu ez didala –adierazi zuen eta, aldi berean, ilea lisatu eta, makilan bermatuz, ibiltzeko saioa egin zuen.

–Hortxe datoz –esan zuen Pablok, Xabierri, Noami eta seguritate zaindariari seinalatuz. Zaindariak poltsa zekarren eta emakumeari itzultzeko aurreratu zen.

–Lapurrak ihes egitea lortu du, baina guk poltsa hartu diogu. Ziur aski, ez du ezer lapurtzeko denborarik izan. Zuk zeuk begiratu; nik ez dut poltsa ireki nahi izan.

Xabierrek elkarrizketan parte hartu zuen, gizon horrek esandakoa egiaztatzeko.

–Ez, ez du denborarik izan, nik ez diot begirik kendu. Plazan gelditu da eta, ziur aski, barrutik diru-zorroa hartu nahi zuen, baina Noam eta zaindaria ere bazetozela konturatu denean, lasterka hasi da. Une horretan pertsona batzuek geldiarazi dute eta, horrela, jaun honek poltsari heldu ahal izan dio.

Andrea hunkituta zegoen. Ikara handia hartu zuen, baina, zorionez, ez zuen inolako kalterik jasan eta, gainera, poltsa berreskuratu zuen.

–Eskerrik asko guztioi! Eskerrak zuei, mutikoak, azkarrak izateagatik eta niri laguntzeagatik!

Andreari agur esan ondoren, mutikoak irteerara joan ziren. Aldez aurretik, igerilekuan zen Xabierren anaia nagusiarekin, Manuelekin, geratu ziren, etxera elkarrekin bueltatzeko.

–Hara! Ez genuen horrelakorik espero arratsalde honetan –esan zuen Xabierrek, abentura bizitzeaz oso pozik.

Pablo lagunei gutun-azal zahar-zaharra aurkitu zuela kontatzeko irrikitan zegoen, eta interesgarria zelako susmoa zion hartuta.


–Gutun-azal bat erakutsi nahi dizuet. Alondegiko zoruan aurkitu dut. Beharbada, andre nagusiak maileguz hartutako liburutik erori egin da. Ea berarena zen galdetu diodanean, ezetz esan dit eta, horregatik, gorde egin dut.

–Ea zer den! –Noamek eta Xabierrek ikusi nahi zuten zer zen. Pablok poltsikotik atera zuen. Gutun-azala oso zaharra zen eta nahiko urratua zegoen. Erpinetako ertzetan papera desagertua zen eta, urradura horietatik, barruan zerbait zeukala ikusi ahal izan zuten. Gutun-azalaren atzekaldea arkatzez idatzita zegoen.

–Anaia igerilekutik ateratzen denean, nire etxera joango gara eta zehatz-mehatz astiro begiratuko dugu.

Noami eta Pablori oso ideia ona iruditu zitzaien. Manuel berehala jaitsi zen eta, oso urduri, anaiari kontatzen hasi ziren arestian bizi izandako abentura.


2. RARA AVIS

Xabierren eta Manuelen etxea Alondegitik hurbil zegoen. Heldu bezain laster, denbora galdu barik, jangelako mahaiaren inguruan jesarri ziren. Handia zenez gero, bertan paperak ondo zabaldu ahal izango zituzten. Pablok gutun-azala ireki eta barruan gordetakoa atera zuen: gutun bat eta orri bat marrazki batekin.

–Hara! Zer izango ote da marrazki hau? –galdetu zuen Noamek.

Zisne bikoitz baten marrazkia zela ohartu ziren berehala.


–Eta beste hau gutun bat da. Goazen irakurtzera –proposatu zien Xabierrek.

Gutuna arkatzez idatzita zegoen eta ondo irakurri ahal izan zuten, hitzak ezabatu ez zirelako. Xabier astiro-astiro irakurtzen hasi zen:

Bilboko polizien buruari

Bilbao, 1935

Kaixo:

Peru dut izena eta, aita urrun dagoenez gero, neuk idazten dizut. Itsasontzi bateko kapitaina da eta Gabonak arte ezin izango da etorri. Neure ama ere ezin da, Goiko Zeruan dagoelako. Amamarekin bizi naiz; oso zaharra da, eta gorra.

Ikusi dudana kontatu nahi dizut, zu lapurren bila joan zaitezen. Katixima ikasten dut eta Ama Birjina ikustera joan ohi naiz, itsasoan dabilen aita zaindu dezan. Aurten, nire Lehen Jaunartzea ospatuko dugu. Ordurako, aita Bilbora etorri eta nirekin izango da. Elizan jesarrita nengoela, nik aldare baten aurrean makurtzen zen gizon bati begiz jo nion. Hark leihatila txiki bat edo ondo ikusi ez nuen antzeko zerbait ireki zuen eta, barruan, ez dakidan zerbait utzi ala hartu zuen. Ezin izan nuen ondo ikusi. Niri arraroa iruditu zitzaidan eta lapurretan zebilela uste izan nuen. Elizatik atera baino lehen, ni hurbildu nintzen eta zirrikitu batean ezkutatuta zegoen paper hau ikusi nuen. Ematen dizut zu lapurraren arrastoaren atzetik joan ahal izateko. Ziur nago lapurrek gorde duten altxor ezkutu baten mapa dela.

Peru Agirre

Xabier, irakurtzen amaitu zuenean, isilik gelditu zen.

–Gutuna oso zaharra da. Nor izango ote da Peru izeneko ume hori?

–Ez daukagu ideiarik ere, Pablo, baina nik uste dut ikertu beharko dugula, agian altxorra oraindik bertan dagoelako.

–Hori, hori, Xabier –jarraitu zuen Noamek oso pozik–. Badirudi argitu beharreko beste misterio bat dugula.

–Tira, goazen altxorraren mapa aztertzera, Peruk zioen bezala.

Bi orri erdiko tamainako papera zen mapa. Marrazkia zeukan eta begiratu batean letrak ikusi ahal ziren.

–Argitara ipini dezakegu, agian, horrela, hobeto ikusiko dugulako –esan zuen Xabierrek, orria lanpararen argiaren aurka altxatzen zuen bitartean–. Begiratu, zisne bat edo, hobeto esateko, bi dira. Kalkatuz marraztu izan balituzte bezala.


–Eta izen bat du. Ea irakurtzen dudan!

Noam asko hurbildu zen, hitzak irakurtzen saiatu ahal izateko, eta neke handiz letraka esan zuen:

–RARA AVIS.

Xabierrek irakurtzea lortu zuen eta berak ere esaten zuen.

–RARA AVIS, RARA AVIS. Zer izango ote da hori? –Pentsakor gelditu zen–. Badakit zer egin, arrebari ordenagailua eskatuko diot eta bilatuko dugu. Ziur aztarnaren bat aurkituko dugula.

Xabier arineketan joan zen logelan ikasten zuen Luzia arrebaren bila. Ez zuen denbora askorik eman haren ordenagailuarekin etorri arte.

–Hemen dugu: “hegazti arraroa, hegazti bakana”. Dioenez, antzinako poeta baten, Juvenalen, bertso batetik dator eta pertsona edo gauza arraro edo bakanari esaten zaio.

–Gauza arraroa esan nahi du, gauza arraroa aurkitu dugula –ondorioztatu zuen Pablok.

Xabierrek interneteko beste sarrera batzuk irakurtzen jarraitu zuen, ea informazio gehiago lortzeko beste zerbait aurkitzen zuen.

–Hemen ideia interesgarria adierazten du: hegazti arraroa, zisne beltza bezala. Hori da, hori! Grisez marraztutako zisne hau beltza izan behar da. Badugu esanahia: zisne beltza bezalako gauza arraroa izan behar da.

–Zergatik da arraroa?

–Noam, mutil, zisneak zuriak izaten dira eta gutxi batzuk beltzak badira, arraroak izango dira, ezta?

Pablok azaldutakoak konbentzitu zuen.

–Orain ikusten dut. Goiko zisnea beltza da, hemen arkatzez marraztuta badago ere, eta horregatik grisagoa dirudi; eta behekoa, berriz, zuria da.

–Bai, horixe! –Pablo hunkituta zegoen; irudi biak begiratzeko, denbora pixka bat eman zuen–. Zisne biak aurkakoak dira. Eta interneten besterik esaten du, Xabier?

–Bai, latinez uste dut, antzinateko poeta horren bertsoak direla dirudielako: Rara avis in terris nigroque simillima cygno. Eskerrak euskaratuta ere datorrela: “Lurrean hegazti arraroa, zisne beltz baten oso antzekoa”.

–Letra txiki-txikiak ditu, baina ez dakit nola irakurri beharko ditugun.

–Kalkatu ditzakegu, Pablo. Horrela ez dira galduko eta, geroago, handituko ditugu.

Xabier, segidan, amarengana joan zen, marrazkia kopiatu ahal izateko paper mehearen eske. Guztiz egokia iruditu zitzaien zetazko paperarekin itzuli zen. Berehala marrazkiaren kopia egin zuten. Noamek oso ondo kopiatu zituen zisneak, baina ulertzen ez zituzten letrak kopiatzea askoz zailagoa izango zen.

–Etxe honetan badago kristalezko mahairik, Xabier? Honen azpian argi bat ipintzekotan, gaineko papera argituko du eta hobeto kopiatu ahalko dugu.

–Goazen egongelara. Bertan dago bat.

Noamek aholkatu zuen bezala, aurkitutako orria gainean ipini zuten eta azpian kokatutako lanpararekin argitu zuten. Orduan ikusi ahal izan zituzten letrak.

–Orain, ondo ikusten dira. Kopiatu, Noam, nik irakurriko dizkizut.

Zisne beltzaren irudiaren barruan sakabanatuta zeuden letrak irakurri zizkion Xabierrek. Eta Pablok, berriz, ipintzeko aukeratu behar zituen toki zehatzak seinalatu zizkion.

–A.S.J.

–Eta zer izango da hori? –galdetu zuen kopiatzaileak, papera begiratu barik burua altxatuz.

–Ez daukagu ideiarik ere, baina ikertu beharko dugu –erantzun zion Pablok.

Horrela, Noamek kopiatu zituen lagunek esandako letra guztiak: A.S.J., E.B.S. S.I, S.N. P. eta S.B. Z.B. – S.B. Z.Z.

Kopiatzeko lana amaitutakoan, kopia ezin hobea gelditu zitzaien.

–Originala gorde dezakegu eta guk kopia erabiliko dugu ikerketarako. Zuk gorde dezakezu, Xabier?

–Bai, ondo gordeko dut neure gelan. Eta, orain, nondik jarraituko dugu?

–Begiratu, hemen, gutun-azalean, Peru agertzen da eta, ondoren, irakurtzen da: Col… eta 20 dirudien zenbaki bat. Eta aurretik idatzita dago: Bilboko polizien Buruari.

–Ezin duzu besterik irakurri, Noam? Col…20, zer izango ote da Col?

–Ezin dut, Pablo, erabat ezabatuta dagoelako. Peru bizi zeneko kalea izango zen hori.

Mutikoak gogoeta egiten gelditu ziren. Zer kale zen ere ez bazekiten, nola aurkituko zuten Peru?

–Aurkitzen badugu, zahar-zaharra izango da. Edo agian hil da –esan zuen Noamek.

–Ene bada! Bizi izango balitz, ia geure berramama bezalakoa izango litzateke, 95 urte ditu eta –esan zuen Xabierrek.

Bat-batean aurpegia argitu zitzaion Pablori. Orduantxe ideia bat etorri zitzaion burura.

–Alondegian erori den andreari galdetu diot ea gutun-azala berarena zen eta ezetz erantzun dit. Baina uste dut berak hartutako liburutik jausi dela. Idazlea ni bezala deitzen zela gogoratzen naiz, Pablo, eta haren deitura hiribildua bezalakoa zen, Bilbao, Pablo Bilbao. Liburua zabaldu dut eta lehen orrialdean idazkun bat zegoen: Pablo Bilbaoren Biblioteka. Haren etxera joan gaitezke bila.

Nola aurkituko zuten pentsatzen gelditu ziren. Azkenean, Noami bururatu zitzaion Karmen andereñoarengana joatea izango zela onena.

–Hizkuntzako irakasleari galdetu diezaiokegu gizon honetaz, beharbada ezagutzen du eta.

Lehen Hezkuntzan sartu zirenean, andereño honek eman zizkien eskolak, eta maitasun handia hartu zien.

Horrela, oso pozik, elkar agurtu zuten. Ikertu beharreko misterio bat zeukaten aurretik eta, ziur aski, aurkitu beharreko altxor bat.


3. Aztarna ona

Egun horretan, Xabierrek, Noamek eta Pablok ikastetxeko atsedenaldian Kirsten, Gabriele eta Maria lagunak ikusi nahi zituzten, hasi berri zuten ikerketa kontatzeko asmoz. Maria eta Gabriele B ikasgelan zeuden eta eurak, Kirstenekin batera, A taldean, baina atsedenaldietan elkartu ohi ziren. Txirrina jo bezain laster, ikasgelatik ziztu bizian atera ziren eta denak patioan bildu ziren. Oihu ikaragarriak entzuten ziren; batzuk futbolean egitera zihoazen, beste batzuek elkar jazartzen zuten eta Lehen Hezkuntzako txikiak zoroen moduan lasterka hasten ziren.

Kirsten alemana zen eta hiru urte lehenago heldu zen Bilbora. Ondo egiten zuen gazteleraz, baina Gabrieleren antzera, hau ere alemana, erreak arrastaka zeramatzan eta ahoskera barregarria zeukan. Biak Mariaren eta hiru mutilen lagun onak ziren. Izugarri dibertitu ziren ikastetxeko pirata kamuflatuen altxorraren bilaketan. Orduan, txikiagoak ziren. Orain, berriz, Lehen Hezkuntzako nagusiak ziren. Laster neskatoei kontatu zieten nola jazarri zioten lapurrari Alondegian eta bertan aurkitutako gutun-azalari esker egin zuten deskubrimendua.

–Uste dugu gutun-azal hori, andreak bibliotekatik maileguz hartutako liburu batetik jausi zela. Liburuaren egilea Pablo Bilbao deitzen da eta Hizkuntza andereñoari galdetzea erabaki dugu, ea ezagutzen duen.

Xabierrek dena azaldu zien, neskatoak ahalik eta lasterren gertatuaren jakinaren gainean jartzeko.

–Hala bada, goazen –proposatu zien Pablok– oraintxe da une egokia eta badakigu ikasgelan ez dagoela.

Mutikoek kontatutakoa entzun zuenean, Kirsten izugarri poztu zen.

–Beste altxog bat augkitu genezake.

Gabriele ere poztu zen, abenturek eta misterioek indarrez erakartzen zutelako. Eta Maria, berdin; oso ausarta zen, eta beti lehena agertzen zen, bere gain arriskua hartzeko uneetan.

Hizkuntza irakaslea Karmen deitzen zen. Ikastetxean urte asko emanak zituen eta, itxuraz, jubilatzeko ez zitzaizkion urte asko gelditzen. Bai neskato-mutikoek, baita beste irakasleek ere, guztiz maitatzen zuten. Ikasleen hainbat belaunaldiri eman zizkien eskolak. Beharrezko zuten familia pobreei laguntzeko dirua bildu ohi zuen eta istorio honetako protagonistek, piraten abenturan, kutxa batean txanponak aurkitu zituztenean, berari eman zizkioten.

Ücretsiz ön izlemeyi tamamladınız.

₺254,97
Yaş sınırı:
0+
Hacim:
95 s. 43 illüstrasyon
ISBN:
9788417634735
Telif hakkı:
Bookwire
İndirme biçimi:
Metin
Ortalama puan 0, 0 oylamaya göre
Metin
Ortalama puan 0, 0 oylamaya göre